Najerako Jardunaldiak mamitsuak izan zirela errana dut aurreko sarreran.
Eta mamitsuagoak Jardunaldiari esker, baina berez haietaz kanpo egin
harremanak. Hori ere errana dago. Azken agurrak egiteko tenorean, ordea,
presaka nenbilela eta, ezin behar bezala, edo behinik behin nik nahi bezala
agurtu hango lagunak, hain zuzen euskaldunak, edo ia-ia: Alfredok lerro hauek
ulertzeko adina jakinen duelakoan iruditu zitzaidan. Han komentarioren bat edo
ere egin nuen blog honetaz. Balio beza, bada, sarrera honek agurtzeko eta batik
bat eskerrak emateko. Izan ere, arrunt erraz jarri didate sarrera haiei eskaintzea,
bai eta euskaraz idaztea ere, aspaldiko partez. Gaizkak eman DVD parea eskertu
nahian, hark bildu eta plazaratu ondare ez-materialean oinarrituko naiz; hain
zuzen Bidasoari buruzkoan. Badago amoña manddangorria (gure etxean halaxe
erraten da) aipatzerik, munduaren herri-pertzepzioan (El mundo en la mentalidad popular vasca azalbidea zerabilen
Barandiaranek, eta bete-betean asmatu zuela uste dut) eguraldia igartzeko modu
poetiko-mitikoa dela eta. Euskararen bidearen metafora ezin ederragoa,
bidenabar erranda. Guhaurrek ttikitan erranak ditugu halakoak, pinpilinpauxekin
gehiago, gogoak engainatzen ez banau; baina nik behintzat ez dut Pirinioetako
beste eskualdeetakoekin erkatzerik izan. Hortaz, bego bere horretan. Dena den, beti izaten da plazera, euskalkiez gain, edo haiekin batera, eretak entzutea. Hain zuzen Irunen "nafar ereta" erratzen zaio Bidasoa garaiko herrietatik etorritakoen doinu kantariari, erran/esan, bertze/ beste eta halakoez gain benetan bereizten baitu doinuak nor nongoa den... edo zen, hori ere galtzen ari den ondare ez-materiala izaki. Asiainen lanak ere horretan du altxorrik aberatsenetakoa, ene uste apalean.
Bidasoari buruzko DVDa nitaz ari zela dirudi, amoña baztandarra (bai, han
amatxi erraten da; baina hain zuzen guk amoña hari deitu, eta amatxi ziren gure
amarenak), attona (berdin atautxirekin) eta ama Zubietakoa, eta atta
Honddarbikoa –guraso irundarrak zituena: herrizulozaletasuna da gure
ezaugarririk behinena) bainituen. Eta San Juan Xahar (ikus garagartzeroko
–ekaineko, amoñaren hitzetan– sarrerak); eta 1913ko uholdea, orduan 17 urte
zituen amoña eta ahizpa Oronozko Barbenea etxearen parean ia-ia harrapatu
zituena; eta Erreparatze, bertako jauregian idatzi omen baitzuen Valle Inclanek
“La marquesa Rosalinda”, eta gure amoñaren ahizpa Anttoni han egon baitzen
neskame, eta han omen baitzebiltzan ingeles batzuk, historia liburuak Erresuma
Batuko Koroaren oinordekoa eta bertze aristokrata batzuk zirela diotenak, nahiz
eta amoñarentzat gauza deigarriena izan “fotografiak itten zittioztela, beren
lebitak eta guzi”, sekulako diru-xahutzea eta xelebrekeria, haiek ez baitzuten
fotografirikan itten, non eta bodaren batean edo ez bazen, sekula santan ez
gorotza banatzen ari zirelarik. Egunen batean agertuko ahal dira Buckingham
Palacen edo beste nonbait duela 100 urteko klixe haiek!
Erreparatzetik hurbil dagoen baserri bateko armarria, Bertizaraneko herrietan hainbat etxetan ikus daitekeenaren antzekoa: lamia, urrezko orrazia eta ispiluarekin. Hain zuzen, blog honetako ikur. |
Harira: emozionatu nauela dokumentalak; baina, blog honetako komentarioekin
bat egitearren, Erreparatzeko zubi azpiko lamiak hartuko ditut hizpide:
euskarazko bertsioan lamien sinonimotzat hitz eder bat aipatzen da: uhandreak.
Entzun orduko, katalanezko dones d’aigua etorri zaizkit burura. Eta lamiak,
behintzat Bidasoan, uretakoak dira, eta han eta hemen, kristauekin
harremanetan, batzuetan bai eta ezkontzen ere. Baina, blog honetan behin baino
gehiagotan erran bezalaxe, pertsonaien bidez hurbiltzen bagara mitologiara,
gauza asko ez datozkigu bat: hain zuzen Euskal Herrian lamiak Iparraldean gizonezkoak
izan daitezke (Irunen horiek intxixuak lirateke, eta lamiak, emazteak: “minasolotan
bizi zirenak, baina Kristo biño lehen, e!” zioen Amasain Saroiko Jose Ramon
Mujikak), eta Bizkaian itsusiak dira eta atzapardunak, ez Erreparatzeko
erdi-arrain rubio eder haiek bezalakoak. Eta dokumentalean aipatzen ez bada
ere, Baztango Lamiarritakoek emagina galdetu omen zuten, eta Katalunian hori
egiten dutenak ez dira dones d’aigua, encantaries baizik. Gurean encantariaren
egitekoa normalean lamiek egiten dute, baina ez beti. Mito berberak han eta
hemen, baina pertsonaien saltsa.
Irungo Lamiarri baserria, Bidasoa ondoan. |
Eta hain zuzen, uhandreak literalki dones d’aigua badira ere, euskaraz
salamandra errateko hitza da, behintzat Mendebaldean, Azkuek dioenez. Eta
Kataluniako Garrotxan salamandrak mitifikatuak daude: naturaz gaineko indarra
omen dute, batzuetan gure alde (minbizia sendatzeko gauza omen dira, gero!) eta
bertzeetan kontra, ikuste hutsak hil dezake eta. Hitz bakar batek zenbat bide
zabal dezakeen.
Hondarribiko armarrian, bi lamia: bata emakumezkoa (erdaraz sirena), eta bestea
gizonezkoa (gaztelaniaz triton erran ohi da, uretako salamandrarako erabiltzen den hitz berbera)
gizonezkoa (gaztelaniaz triton erran ohi da, uretako salamandrarako erabiltzen den hitz berbera)
Bai, nahasi samarrak ere izan daitezke bideak, eta batzuetan haietan gal. Baina
oraingoan ez nago haria hobeki josteko moduan, dokumentalek barrenak nahasi
dizkidate eta. Goxoki nahasi, alderdi pertsonalenetaraino ukitu bai naute,
baina nahasi. Eta hori, astebete utzi dudala uherrak pausatzen!
Esker mila, bada, eta sarri arte.
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada