2012/08/21

Pirinioetako basatiak

Larunbatetik larunbatera, Pirinio orografikoak bukatzen diren bi eskualdetan, XX. mendean hamarkadetan galdurik egon ondoren, aspaldi honetan berreskuratutako ekitaldi folkloriko bana ospatu dira: Benavarrin, Aragoiko Ribagorçan, Ball dels Salvatges, eta Lapurdiko Itsasun, Kabalkada. Zaldikoak, lorez apainduriko dantzariak, soinu-tresna berri samarrekin batera erdi galdu eta berrikitan errekuperatuak (ttunttuna, gaita de boto) ere jotzen dituzten musikari taldeak, dantza tradizionalak, aurkezpeneko desfile dantzatua eta auzi baten gisara taularatu antzezpen herrikoia. Gaiak, jakina, ezin izan duela mende batekoak. Beharrik ere ez. Ondare immateriala, definizioz, bizia da, eta duela ehun urte eztabaida pizten zuten gertakizunak ez dira gaur egungo berberak. Tradiziozko janzkeretan ere badira modak. Haiek jokatu auzia, aldiz, bai zegoen naturari lotua, iraunkortasuna zela eta ez zela. Itsasun berrehun urte luze egin zuten atzera, hain zuzen gaurko perspektibaz ustez modernitatea ekarri zigun Iraultza berrirakurtzeko xedez. Bertako dantzarien artean basandere izenekoak badaude ere, zirtzilek, gizon, andre eta haurrek, salvatgeen egiteko berbera edo antzekoa betetzen zuten ekitaldian.
Basandereak, andere xuriak, bolantak goian eta Benavarriko ehiztariak behean,
Euskal Herrian bezala haiek ere lorez apainduak, baita baleztetan ere.

Bat edo bertze kenduta, oraingo salvatgeak gehiago dirudite “Harriketarrak”
marrazki bizidunetako pertsonaiak ezen ez Nafarroako Torralban huntzez
estali Juan Lobo edo Gipuzkoako armarriko basatiak.
Han eta hemen, emakumezkoak eta haurrak batu dira antzezpenetara.
Alta, badago alderik bien artean. Itsasuko Kabalkadaren auzia euskaraz eman zen. Benavarrikoa espainolez egin zen, nahiz eta iragartzeko kartela katalanez egon; edo, beharbada, Aragoiko hizkuntzen azken lege-proposamenari segika, erran beharko nuke aragones orientalean. Gaztelania, berriz, ez dute aragonés central-occidental-meridional deitzen. Euskaldunok ederki dakigu tokian tokiko dialektoen gorespenetan “bertzeen” hizkuntzaren disgregazioa baino ez dela bilatzen.

Pirinioetako mitologietan, “bertzea” salbaia izan ohi da, basatia, basoa da etxearen antipoda, etxe ondoan egonagatik eta euskal etxe gehienak baserriak izanagatik. Agian, horrexegatik, bertako mitologiaren ezaugarria horixe baita: gertaera, leku eta pertsonaia mitologikoak urrutiko mendi gailurretan ez baina kristauen auzoak direla, eta maiz kristau eta pagano bereizterik ez dagoela. Hego eta Ipar aldeetako lautadetako biztanleen begietan, ordea, Pirinioak osorik (izan) dira basatiak, ez dute bereizketarik egin ohi. Gaskoieraz irakurri nuen lehen liburua Miqueu Grosclauderen antzezlan bat izan zen: La termièra sauvatja. Hantxe piriniarroi buruzko “mitoak” borrokatzen ziren, hizkuntzen, mugen eta basatasunen karietara. “Basati onak” batzuetan, basati hutsak bertzeetan, baina, hein handi batean eta nolabait, “guk” egin omen dugu “haien bertzearena”. XXI. mendean, aldiz, ezta hori ere. Itsasun, bizpahiru urteko muttiko batek galdegin zuen: Est-ce qu’ils parlent en anglais? Irri artean, heldu batek ihardetsi zion: C’est en basque. Ume baten burutazio xelebrea, ote? Ongi adierazgarria da gaur egungo (Euskal Herriko, Gaskoiniako, Frantziako?) ume frankofono baten hizkuntza-munduan “bertzea” ingelesa dela, euskara inexistentea dela.
Benavarriko gazteluko bertze paneletan bezala, katalanezko testua,arraildua:
Baten batek ez du bigarren mailako hizkuntzatzat ere agertzerik nahi.
Ball dels Salvatges eta Kabalkada bezalako antzezpen herrikoietan, komunitateek ez dute islatzen zer diren, zer izan nahi luketen baizik. Horregatik, herri biotan, aldeak alde, linguistikoki arras desberdin baina soziolinguistikoki antzera direlarik (batean zein bertzean entzun nuenez, zenbat eta gazteago izan jatorrizko hizkuntzan gutiago mintzatu), diferentzia ez dago iraganari begira egin duten berreraikitze folklorikoan. Itsasuk euskararen alde eta Benavarrik katalana baztertuta, bakoitzak komunitate gisa etorkizunari nola heldu nahi dion da koxka. Zeren eta Pirinioetan inertzia hutsa ez baita aski bertako hizkuntzen iraupenerako. Blog honek mitoetan gordetzen den ondare immateriala agerian jarri nahi du; baina Mondarraingo basandereak eta Atekagaitzeko Errolanek beren artean frantsesez egiten badute, salvatgeek ez badiete beren seme-alabei katalanez egiten, orduan bai izanen dela egia Sakanako basajaunen igarpena: akabo mundu humanoa, heldu da mundu perroa.

Ziztrina bada ere, pozten nau behingoz katalanen aldean euskara biziago agertu izanak.      

Cap comentari:

Publica un comentari a l'entrada