Aurreko sarreraren bukaeran ziztrin samar agertu nintzen, Itsasuko euskara
eta Benavarriko katalana zela eta. Egin ere, “besteari” buruz hizkuntzaren
aldetiko iruzkin bat egin nuen, euskara inexistentea dela esatera ere iritsi
nintzelarik. Bretainiatik heldu berria naiz, eta hango egoera linguistikoaren
ondoren, eta berriro ziztrin samarra agertzen banaiz ere, euskaldunok basatiak
bai, baina oraindik orain baso zokoaren kobazuloetan arras gorderik ez gaudela
aitortu behar. Ederki dakit leku turistikoak ez direla inondik inora hizkuntza
indigenak entzuteko aproposenak, eta euskararen edo baita katalanaren
bizitasuna Guggenheimen edo Sagrada Familiaren arabera neurtuko bagenu,
Bretainian ia bezalaxe agertuko ginatekeela, errotulazio hutsetara mugatuak. Baina,
hala eta guztiz ere… Nik entzuterik izan gabe ere, nonbait eginen ahal dute
bretoieraz! Espero dut Britainia Handiko lehengusu kornikoek ez bezala, ez direla
zain egonen azken hiztuna hil eta ehun urtera berriro hizkuntza berpizteko.
Le circuit des Korrigans (intxixu moduko pertsonaiak): herri mitologia, gaztetxoendako proposamen turistikoen erakargarri. |
Duda egiten dut, ordea, blog honetako gaira helduta, Broceliande omen zen
basoan eginen dutela berrikuntza, Merlin, Arturo, Morgana, Viviana eta
enparauak oinarritzat hartuta. Mitologiaz ari garela, sarritan jatorrietara
jotzen dugu, horrek askorik agertuko balu bezala. Bretoieraren eta katalanaren
jatorria arrunt urruti daude, biak indoeuroparrak
izanagatik. Euskararen aldean, zer esanik ez! Baina egoera soziolinguistikoak
antzekoak izan daitezke, batez ere hiru hizkuntzon frantsesarekiko
harremanetan. Serge Plenierek idatzi bretoieraren historia euskararena ere izan
liteke, batzuetan ia hitzez hitz: jatorriak jatorri, instituzioetatiko urruntze
gero eta handiagoa, fede katolikoari loturiko hizkuntzaren atxikimendua,
dialektoen eta grafien arteko ulergarritasun-arazo ustez konponezinak, eskola,
armada eta oro har administrazioaren eragina, eta XX. mendeko arlotekeriarekiko
pertzepzioa… Mitologia biziekin gauza bera esan genezake. Juan Inazio Hartsuagak
euskal mitologia eta indoeuroparra alderatzean oso desberdinak direla frogatu
du. Baina nago “herri mitologian” Bretainiakoa eta Pirinioetakoa ez direla
horren diferenteak, hango eta hemengo baserritarren bizimodua eta pentsamolde
kristau-paganoa ere ez zelako.
Adibide baten alderaketa, behingoz Pirinioetatik urrun… baina blog honetako
lehen sarrerara zuzenean garamatzana: harri bihurtzearen zigorra, elementu
natural bat edo aztarna arkeologiko bat klabe moralean ulertuta. Izan ere,
Bibliak kontatzen digu Loten andreari zer gertatu zitzaion. Bretainian, herriko
menhir lerrokadurak (horiek bai harrigarriak, euskarazko zentzu guztietan!)
gerora etorri kultura guztiek berrinterpretatu dituzte. Herri-erlijiotasun
katolikoaren arabera, Korneli santu bretoiak (izenak dioen bezalaxe, adardun
abereen patroia, beharbada zelten Cerunnos adardunaren interpretazio kristaua) jazarka
ari zitzaizkion paganoak madarikatu eta harri bihurtuta geratu dira.
Ebro ibaiaz bestalde, Autol herrian, ondoko ermitan lapurreta egindako
bikotea ere, el Picuezo eta la Picueza, hantxe geratu dira zigorturik, harri
bihurtuta. Sant Mauricin bezala, hemen fenomeno naturala da begi moralez interpretatu dena. |
Errioxa, Karnag, Andrearriaga eta Sant Maurici, paisaiak eta
kulturak lehen begiradan erabat desberdinak… geure begietatik begiratuta.
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada