Larunbatetik larunbatera, Pirinio orografikoak bukatzen diren bi
eskualdetan, XX. mendean hamarkadetan galdurik egon ondoren, aspaldi honetan
berreskuratutako ekitaldi folkloriko bana ospatu dira: Benavarrin, Aragoiko
Ribagorçan, Ball dels Salvatges, eta Lapurdiko Itsasun, Kabalkada. Zaldikoak,
lorez apainduriko dantzariak, soinu-tresna berri samarrekin batera erdi galdu
eta berrikitan errekuperatuak (ttunttuna, gaita de boto) ere jotzen dituzten musikari
taldeak, dantza tradizionalak, aurkezpeneko desfile dantzatua eta auzi baten
gisara taularatu antzezpen herrikoia. Gaiak, jakina, ezin izan duela mende
batekoak. Beharrik ere ez. Ondare immateriala, definizioz, bizia da, eta duela
ehun urte eztabaida pizten zuten gertakizunak ez dira gaur egungo berberak. Tradiziozko
janzkeretan ere badira modak. Haiek jokatu auzia, aldiz, bai zegoen naturari lotua, iraunkortasuna zela
eta ez zela. Itsasun berrehun urte luze egin zuten atzera, hain zuzen gaurko
perspektibaz ustez modernitatea ekarri zigun Iraultza berrirakurtzeko xedez.
Bertako dantzarien artean basandere izenekoak badaude ere, zirtzilek, gizon,
andre eta haurrek, salvatgeen egiteko berbera edo antzekoa betetzen zuten
ekitaldian.
Basandereak, andere xuriak, bolantak goian eta Benavarriko ehiztariak behean, Euskal Herrian bezala haiek ere lorez apainduak, baita baleztetan ere. |
Bat edo bertze kenduta, oraingo salvatgeak gehiago dirudite “Harriketarrak” marrazki bizidunetako pertsonaiak ezen ez Nafarroako Torralban huntzez estali Juan Lobo edo Gipuzkoako armarriko basatiak. |
Han eta hemen, emakumezkoak eta haurrak batu dira antzezpenetara. |
Alta, badago alderik bien artean. Itsasuko Kabalkadaren auzia
euskaraz eman zen. Benavarrikoa espainolez egin zen, nahiz eta iragartzeko
kartela katalanez egon; edo, beharbada, Aragoiko hizkuntzen azken
lege-proposamenari segika, erran beharko nuke aragones orientalean. Gaztelania,
berriz, ez dute aragonés central-occidental-meridional deitzen. Euskaldunok
ederki dakigu tokian tokiko dialektoen gorespenetan “bertzeen” hizkuntzaren
disgregazioa baino ez dela bilatzen.
Pirinioetako mitologietan, “bertzea” salbaia izan ohi da, basatia, basoa da
etxearen antipoda, etxe ondoan egonagatik eta euskal etxe gehienak baserriak
izanagatik. Agian, horrexegatik, bertako mitologiaren ezaugarria horixe baita:
gertaera, leku eta pertsonaia mitologikoak urrutiko mendi gailurretan ez baina
kristauen auzoak direla, eta maiz kristau eta pagano bereizterik ez dagoela. Hego
eta Ipar aldeetako lautadetako biztanleen begietan, ordea, Pirinioak osorik
(izan) dira basatiak, ez dute bereizketarik egin ohi. Gaskoieraz irakurri nuen
lehen liburua Miqueu Grosclauderen antzezlan bat izan zen: La termièra sauvatja. Hantxe piriniarroi buruzko “mitoak” borrokatzen
ziren, hizkuntzen, mugen eta basatasunen karietara. “Basati onak” batzuetan,
basati hutsak bertzeetan, baina, hein handi batean eta nolabait, “guk” egin omen dugu
“haien bertzearena”. XXI. mendean, aldiz, ezta hori ere. Itsasun, bizpahiru
urteko muttiko batek galdegin zuen: Est-ce qu’ils parlent en anglais? Irri
artean, heldu batek ihardetsi zion: C’est en basque. Ume baten burutazio
xelebrea, ote? Ongi adierazgarria da gaur egungo (Euskal Herriko, Gaskoiniako,
Frantziako?) ume frankofono baten hizkuntza-munduan “bertzea” ingelesa dela,
euskara inexistentea dela.
Benavarriko gazteluko bertze paneletan bezala, katalanezko testua,arraildua: Baten batek ez du bigarren mailako hizkuntzatzat ere agertzerik nahi. |
Ball dels Salvatges eta Kabalkada bezalako antzezpen herrikoietan,
komunitateek ez dute islatzen zer diren, zer izan nahi luketen baizik.
Horregatik, herri biotan, aldeak alde, linguistikoki arras desberdin baina
soziolinguistikoki antzera direlarik (batean zein bertzean entzun nuenez, zenbat
eta gazteago izan jatorrizko hizkuntzan gutiago mintzatu), diferentzia ez dago
iraganari begira egin duten berreraikitze folklorikoan. Itsasuk euskararen alde
eta Benavarrik katalana baztertuta, bakoitzak komunitate gisa etorkizunari nola
heldu nahi dion da koxka. Zeren eta Pirinioetan inertzia hutsa ez baita aski
bertako hizkuntzen iraupenerako. Blog honek mitoetan gordetzen den ondare immateriala
agerian jarri nahi du; baina Mondarraingo basandereak eta Atekagaitzeko
Errolanek beren artean frantsesez egiten badute, salvatgeek ez badiete beren
seme-alabei katalanez egiten, orduan bai izanen dela egia Sakanako basajaunen
igarpena: akabo mundu humanoa, heldu da
mundu perroa.
Ziztrina bada ere, pozten nau behingoz katalanen aldean euskara biziago
agertu izanak.