Ondarearen balioa
agerrarazteko moduak asko eta asko dira. Txingudiko badiarena (blog honetako 2.
sarrera) bat zen: instituzionala, bertakoentzat ibilbide hutsari bestelako balioak
eransteaz gain turismoari beste erakargarri bat, kasu honetan kultura, gehituta.
Kultur hutsa ba ote dago, bada? Kultur turismoa esamoldean zein hitzek duen
indar gehiago korapilo askoko soka luzea da. Bego, oraingoz. Baina hona hemen
ekarpen txiki bat, berriro ere mitologiatik abiatuta.
Alde ludikotik, euskal mitologiaren erabilera erruz ugaldu da aspaldi
honetan. Batzuetan helburua ez dago oso garbi, ez eta ondarearen erabilera bera
ere. Horra hor Gipuzkoa Donostia Kutxak duela urte batzuk ateratako
karta-jokoa, euskal mitologiaren pertsonaien irudiak joko-arauen beharretara
makurtuta aurkezten zituena, inolako testuingururik gabe. Ataungo Barandiaran
Museoan, hain zuzen irizpide zientifikoak darabiltzala argi eta garbi uzteko,
berariaz egin zitzaion uko pertsonaia mitikoen irudikapenari. Diskurtso
atsegina, ulerterraza… bai, baina ez ludikoa, museo bat delako. Beste kontu bat
da aktibitateak programatzerakoan alderdi ludikoa aintzat hartzea (edo mito
zaharren nolako iruditeria berriak sortu diren alderdi artistikotik… benetako
gai mamitsua, gure arbasoez baino gutaz dezente irakatsiko ligukeena); baina ez
museoaren ildo diskurtsiboa.
Batzuetan helburua ekonomikoa zeharo nagusitzen da: ondarea oinarri
hartuta, aisialdirako produktuak merkaturatzen dira, artea dela, historia dela…
eta euskal kasuan, baita mitologia dela ere. Mungiako proposamena, Olentzero
oinarri, horietako bat da. Galdera berehala dator gogora: noraino izan behar da
zorrotza eta noraino librea mitoak aurkezteko tenorean? Ez da erantzun erraza;
segur aski, ez da erantzun bakarra.
Hona hemen, difusioaren alorra luze-zabal jorratuta, Banaka multimedia SL
enpresak (eskerrik asko irudiengatik) plazaratutako bi ale, goian esandakoaren
adibide: Basajaun eta Tartalo pertsonaia mitikoetan oinarritutako galderen
bidezko jokoak, gaztetxoak euskal mitologian eta oro har euskal kulturan, eta
bide batez balio ekologiko eta osasuntsuetan, murgiltzen dituena, betiere (eta
hori ezin beti esan, beste kasuetan) kalitate zientifikoari uko egin gabe.
Jokoa ez da errenta, baina mitologian oinarritutako jokoak errentagarriak izan
daitezke. Mitologian oinarritutako bestelako proposamen turistikoak ere bai?
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada