Samiel bezperan
Jexux Tolatekoa hil zen. Zubitarra zen, jakina, gure ama zenaren lehengusua.
Urtebete ere ez zuen egin andrea hil zitzaiola. Haren eta gure amaren atautxi
ta amatxi ere, Erron Itxeko Anttonio eta Joxepa, halaxe hil ziren, bata
bestearen ondoan, hilabete gutxiren buruan, bizitza osoa elkarrekin eman eta
ezin bizirik segitu, omen. Gerra garaiko Zubieta zen hura, eta XXI.ekoa
oraingoa. Lehendabiziko bistazoan herria ez omen da sobera aldatu: etxe berri
bat edo beste, baina orduko herri kaxkoak bereari eutsi dio, bai eta
ingurumariek ere. Baina bai, majo kanbitu da: 1936ko uztaren 19an, hain zuzen
herriko plazan gari uzta eultzen ari zirelarik erreketeak sartu zireneko
Zubieta hura eta oraingoa ez dira berberak. Etxeak 75 urte zaharrago, eta hala
ere itxuraz inoiz baino berriago. Orduan jendez gainezka zeuden, ordea, eta
orain huts-hutsik asko eta asko, astegunetan bereziki. Tolate ere hutsik. Erron
Itxia berriro pintatu dute. Duela hiru mende laurden erosi zutenek txukun
mantentzen dute gure amoñari hara esposatu zenean borda tristea baizik iruditu
ez zitzaion hura (maizterrak izanik ere, baztandarrak beti haundi-maundi).
Zubietako Erron Itxeko Anttonio Erro Mutuberria eta Joxepa Bernardet Samiel Ezkurra |
Bai, Euskal
tradizioaren muina omen den inauteriari eusten dio bizi-bizi Zubietak. Eutsi ez
ezik, hanpatua ere ez ote dagoen… Zubietara esposatu amoñak ezin zituen eraman
inauteri zikin eta arlote haiek! Eta beti eskean, eta etxean sartu eta nahi
zutena ematen ez bazieten, “kisua eta gorotza”, etxea bedeinkatu egiten zuten
zerri lotsagabe haiek! Antropologoren batek beltz eta zuri, yin eta yan eta
halako transzendentziak bilatuko zituen sasibenedikazio haietan, eta beharbada
arrazoia izanen zuen; baina gure amoñak zerrikeria eta herri pobre baten
mixeriak besterik ez zuen bilatzen. Eta Hausterre egunean, haragizkorik jan
ezin eta oraindik ere, arraultze eskean! Eta elizan arlote jantzita sartu!
Herri harek ez zuen erremediorikan. Eta orain ondare immaterial izendatu
dituzte Ituren eta Zubietako inauteriak! Nola aldatzen diren gauzak!
Zubietako eliza, sorginen armalaren gainean. |
Baina zer espero
zitekeen herriaren erdian; areago, eliza azpiko armalan (euskara batuan harmora?,
harmaila?) sorginak bizi ziren herri batetik? Hala omen zen, bai, sorginek ba
omen zuten gaitzeru bat mailar (banabar Baztanen, ilar gorri Arantzan, leiko
gorri Irunen, babarrun Hernanira espostu amatxiren ahizparen familian), eta
egunero banan bana kontatu behar atera ahal izateko, eta huts egiten bazuten,
berriro hasi behar. Eguzki-lorearen printzipio bera da. Garrotxan ere hartarako
jartzen omen zituzten artatxikiak ate ondoan, sartu nahi omen zuten izaki
gautarrek gaua aleak kontatzen eman zezaten. Eta gure ama eta ahizpak,
Tolatetik-edo etxera bidean eliza azpiko armal ondotik pasa behar eta
ilunabarrean beldurrez airean korrika, sorginek zenbaketa bukatua ote zuten eta
atereak izanen ote ziren. Etxe ondoan ere bazuten leizea, zaborrak bota eta
sekula betetzen ez zena, eta han ere sorginak omen ziren. Eta non ez. Amoñaren
arabera, lehenbiziko sorgina etxean bertan zuen, amaginarreba, beti belarrak
bildu eta “erruda tapio, erruda tapio” ulertezina esaka omen zebilena. Hain
zuzen geroago irakurri ahal izan dut sorginak uxatzeko biltzen zirela “erruda
eta apioa” belarrak. Ezin ukatu amoñak ez zuela biziki maite amaginarreba eta
kontrara interpretatzen zuela erritoa.
Armal ondoko etxe bateko atarian, erramu bedeinkatua atean eta elorria ondoan. Elorriak ez du Elizaren bedeinkapen beharrik, berez landare bedeinkatua delako. |
40 urte pasa dira
ama hil eta uda Zubietan eman nuela. Eta ia 30 bizikleta hartu eta bisitan joan
nintzela Tolatera, hantxe beti izan bainaiz ongi etorria. Baina etxeko
kontuekin liluratua ninduen Zubieta mitikoa ez zen lehengo hura. Beharrik ere
ez! Kontu hauek jakitea atsegingarria da, baina bizimodu hura beldurraren pekoa
zen. Sorginen eta halakoen akaberaz badaude mito asko. Zabalenetakoa,
kristautasunaren hedapena bera. Baina ederki moldatu dira mito paganoak eta
kristauak pentsamolde berean. Gero, suzko armak izan ote ziren. Gero, trena;
gero, elektrizitatea. Zubietako zentralean Jexuxen aitak lan egiten zuen. Erresistenteak,
bada, sorginak, argi-indarrarekin ere ezin erabat uxatu. Garrotxan ere, “follet”
delako intxixuak ere, ezin etxetik bota eta nahiago omen zuten etxea hustu eta
alde egitea… eta hala ere, follet malapartatuak familiarekin alde egin! Zubietan
ere ez ote den halako zerbait gertatu… Noiz desagertu dira sorginak? Jendek ere
lan bila emigratu eta sorginek ere emigratu omen zuten, herri txikietako
biztanle gehienek bezalaxe, sorterria utzita.
Nik Zubietan beste
bertsio bat jaso nuen, Tolaten bertan, eta ez zahar batengandik, zortzi bat
urteko ume batengandik baizik. Tolatekoen biloba Javier doneztebearra Tolate
ondoko Tomaseneko lagunarekin zegoen. Eta Zubietako sorginen kontu zahar horiek
guztiak kontatzen ari nintzaiela, Tomaseneko muttikoak bota zidan, serio
demonio eta xalo-xalo: baina horiek
guztiak bukatu dira aspaldi! A, bai? Eta noiz? Galdetu nion. Honen atautxik (alegia, Jexus
Tolatekoak) zure edadea zuenean-edo!
Ahoa bete hortz utzi ninduen, Jexuxek eta Pakittak barre egiten zuten
bitartean. Banuen zer pentsatua bizikletan bueltako bidean.
Zubietako Tolate etxea. |
Eta nolabait arrazoi
zuen. Hori da pentsamolde tradizionalaren ezaugarririk ederrenetakoa, esaldi
bakar batean prozesu historiko oso bat laburbil dezakeela. Jexuxen edadeko
gazte zubietarrek, Zubietan bizi baziren ere, ez zuten baserria ogibide, are
gutxiago jatorrizko zentzuan, ez baitzen ogirik ereiten jada. Abere gero eta
gutxiago, baratzeari nola edo hala eutsi; baina kotxe gero eta gehiago eta
fabriketara lanera, kilometroak eginda. Eta apezek jada ez zuten errieta egiten
“ilun ezkila jo eta ordubeteko bidea baserriraino” oihuka. Izan ere, farolak
zabaldu zirenez geroztik, gauez argia baita kaleetan ere, oraindik gera
zitekeen azken sorginen bati tokirik gabe utzita. Aurreko sarreran, Samiel zela
eta, Elizak mito paganoak azpiratu zituela esaten nuen. Zubietan fisikoki eta
sinbolikoki izan da hala. Horixe nuen nik buruan Jexuxen funtzioetan. Ez dakit
oso pentsamendu kristaua den, baina ezin nuen burutik kendu mundu oso bat
joaten ari zaidala Tolatekoekin. Munduak ez baitira egun batetik bestera
desagertzen, ezta sorginak ere.
En fin, hala
beharko. Amoñak esaten zuen bezala: ze
iñen diogu bada, hil arte bizi behar!
Cap comentari:
Publica un comentari a l'entrada